2018(e)ko urriaren 11(a), osteguna

Practicum I-aren bidez bereganatu beharreko konpetentzia honetan zentratuko gara lehen astean:
“Erdietsitako ezagutza teorikoak ikasgelako errealitatearekin erlazionatzen ditu”

Beste era batera esanda:
  • Ø ikasgelaren errealitatearen aldagaiak,
  • Ø estrategia metodologiak,
  • Ø denboraren eta espazioaren antolamendua,
  • Ø ikasgelak duen ohiko funtzionamendua,
  • Ø ikasgelako baliabide didaktikoak eta abar,

BEHATU, IDENTIFIKATU, AZTERTU ETA AZALDU

Etiketak: #IzenAbizenak eta #Hezkuntza Komuntiatea

Gogora arazten dizuet hitzezko azalpena irudiz, marrazkiz, bideoz, hipertestuz, audioz eta abar osa ditzakezuela.

Ziur orain arte erakutsitako mailari eutsi ez, eutsi bakarrik ez:  gora, gorago iritsiko zaretela. ANIMO eta AURRERA.

2015(e)ko azaroaren 11(a), asteazkena

PRACTICUM I - bukaerako MEMORIA


Kaixo, arratsalde on:
 
Ikastetxeko egonaldia amaitu ondoren PRACTICUM I ikasgaia ebaluatua izateko memoria burutzea falta zaizue orain.
Urrian hitz egin genuena gaurkotuz, bi zati nagusi izan behar dituela memoriak aipatu behar dugu.
1).- Ikastetxeak bere Hezkuntza Proiektuan edo Plan Estrategikoan azaltzen dituen ezaugarri filosofiko edota pedagogikoak errepasatu, ildo nagusiak aztertu eta, ondoren, zuek NON ikusi dituzuen gauzatuta edo errealitatea bihurtuta bost aste hauetan adierazi. Zaindu adibideak bereziki, bakoitzaren aldamenean azalduz zuen ustez zer den hor ikusten dena, zertan antzeman dezakegun ildo horren gauzatzea. Ideia orokorrak baino gehiago zehaztapenak, bizipenak.
2).- Zuen "irakasle" gisa aritutako esperientzia zuzenarekin erlazionatutako gertaera bat (edo bi edo hiru)  kontatu: zeren aurrean ikusi zenuten zuen burua eta nola erantzun zenuten, zergatia barne, azalduz; gertaera horiek izan daitezke mota askotakoak:  gai bat lantzen duzuela ikasleekin gelan, ordezkapen bat egiten ari zinetela ezustekoren batekin topo egin, irteeran ikusitako bitxikeriaren bat, nolabait Unibertsitateko Irakasle Eskolan maila teorikoan ikasitako zeozerrekin talka egiten duen jokabidea eta abar. Orduan, bapateko erantzun beharreko horretan azaldu zenuen jokabidea, aldatuko zenukete gaur, patxadaz aztertu ondoren egoera? Zelan? Zergatik ez?
Azken bi atalak:
 I)      Memoria honi gehitu behar diozue blogean argitaratutako ekarpenen inguruko hausnarketa. Bakoitzak erabaki beharko du zertan fijatu, zer azpimarratu. Bai azaldu beharko dira, nonbaiten, bost aste hauetan jorratutako alderdi nagusienak eta horien inguruko gogoeta, hots: IKASGELAKO ERREALITATEAREN ALDAGAIAK, IKASTETXEAREN ANTOLAKUNTZA, BERRIKUNTZA eta ETENGABEKO PRESTAKUNTZA, ETXERAKO LANAK – ZIGORRAK eta abar. 
II)                Bukatzeko, memorian agertu beharko da zure proposamen bat, ZUREA. Proposamen horretan ikasleen ikas prozesua hobetzeko azalpenak jasota geldituko dira. Gogoratu izan behar direla ZURE HOBETZEKO PROPOSAMENA(K).
    
Denetara ez 12 orrialde baino gutxiago baina ezta ere 15 baino gehiago. Azala eta eranskinak aparte.
Times New Roman. 12 tamainako hizkiak. 1,5eko tartea lerroen artean. Orrialdeak zenbatuta.
Testu idatzia ez den guztia, eranskinetan. Muga eta formatu gabeko eranskinak.
Aholkua: lehen zatiko bi zereginei gutxienez 7 eta gehienez 10 orrialde dedikatu eta bigarren zatiko beste bi eginbeharrei gutxienez 5 eta gehienez 7. 
Entregatzeko epea: abenduaren 21a, arratsaldeko ordubietan bukatzen da (2015-12-21, 14:00). Nire bulegoan edo buzoian utzi.

ERNE!: folioak grapatuta eta plastikozko zorro batean sartuta


2015(e)ko azaroaren 5(a), osteguna

Etxerakolanak, Zigorrak, ...

Kaixo guztioi, arratsalde on:

   Kosta egin zaio aurten gaiari kanporatzea baina beno, hor dugu jada, SASKI NASKI blokean, hausnarketarako.

   Ze iritzi duzue "etxerakolanen" inguruan? Zertarako balio dute? Zein uste duzue dela bidaltzearen helburua? Garrantzitsua da bereiztea "eskola ordua" eta "egunaren beste zatia" edo komeni da eskolako presentzia beste esparruetara zabaltzea?

   Gogoratu iaz DIDAKTIKAn landutako hainbat gai. Eskolako curriculuma zer da? Noraino heldu beharko litzateke? Berdinak, antzekoak edo diferenteak izan beharko lukete ikasleek eskolan lantzen duten curriculuma eta gurasoek familia bezala landu beharko luketena?

Zigorra, zer da? Zer da lortzen dena zigorrekin? Zer da lortu nahi dena? Zein da zigorraren helburu didaktikoa? Eta "zigor positiboa?

Zuena da hitza...

Asteburuan bidaliko dizuet mezu bat, hurrengo astean egingo dugun bileraren nondik norakoak azalduz

Ondo izan!

2015(e)ko azaroaren 2(a), astelehena

ZERI EUTSI, ZER ALDATU

Kaixo berriro, arratsalde on:

   Aurreko mezuan iragarri bezala, hemen doa aste honetako zeregina

Azken aurreko astea, …  ZEIN AZKAR DOAN DENBORA!
Une honetan jada ikastetxeko praktikaz blai izango zaretenez, behatze eta ondorioztatze prozesuan beste aurrera pauso bat emango dugu.
Hainbat ikasgai eta hainbat gela, patio saioak, sarrera/irteerak, denetik!
Ugariak izan dira ikastetxean egunero izaten diren gertaerei so egin eta zuen ondorioak ateratzeko izan dituzuen aukerak. Horietako bi dira oraingoan azaldu behar dituzuenak, lehena zuen irakasle irudikapenaz bat datorrena eta bigarrena izan nahi duzuen irakasle ereduarekin talka egiten duena.

Izan kontutan ez dela agertu behar
ez izenik ezta pertsonak identifikatzeko moduko ezaugarririk


1).- GARBI AZALDU, denok ulertzeko moduan, lehenengo “GERTAERA” edo  “PASADIZOA”

            a).-  Zein izan da irakaslearen jokabidea une horretan? Zenbateraino zaude ados ? Zergatik?

2).- GARBI AZALDU, denok ulertzeko moduan, bigarren “GERTAERA” edo  “PASADIZOA”

             b).-  Zer ez zaizu gustatu? Zure ustez, zein izango litzateke irakasle gisa aritzeko modu egokiagoa kasu horretan? Zergatik?

ETIKETAK: beti bezala, ahaztu gabe, bat zuen IZEN ABIZENA eta, bestea, ildo honetako mezuetan, konposatua den EUTSI/ALDATU.

Amaitzen ari gara.
Ondo aprobetxatu gelditzen zaizuena.
Eta ahalegindu disfrutatzen.

.

2015(e)ko urriaren 27(a), asteartea

PRAKTIKALDIKO EKUADORRERA HURBILTZEN

Kaixo denoi, arratsalde on:

 Bi aste zuen ekarpenak jarraitzen, praktikaldiko ekuadorrera iristear gaudela hainbat iradokizun emateko garaia iritsi dela uste dut.
Lehenik eta behin gogoratu, bileran komentatu nizuen bezala, bloga (edo egunerokoa) ez dela “zer” egin duzuen kontatzeko tokia baizik eta izaten ari zareten bizipenen inguruko hausnarketak ikaskideekin konpartitzeko aukera, denok denongandik ikasi ahal izateko, gogoeta kolektiboa bultzatzeko.
Honen harira, batzuk azaletik hurbiltzen zaretela ikusi dut, anekdotan edo egindakoaren deskripzio hutsean gelditzen zaretela. Ondo dago noizean behin idatzi arinak zintzilikatzea, baina noizean behin izan beharko litzateke, parte hartzea beti beste hainbat ekarpen sakonez osatuta. Garaiz zaudete oraindik, zaindu alderdi hau. ZENBAT ESPAZIO DUZUEN, ZEIN ORDUTEGI, ZE IKASGAI... ARGAZKIAK eta IRUDIAK, orokorrean, EUSKARRIAK izan beharko lirateke zuen bizipenei marko bat ipintzeko, ez beraiek protagonista bihurtzeko.
Izan gogoan ikastetxeko bizitzak egunerokotasunean sortzen dituen egoerak  behatzeko  eta gertaeren harira pentsamendura etortzen zaizuena aurkezteko, solasaldirako proposatzeko, antzeko edo alderantzizko gertaerekin kontrastatzeko gelditu ginela PRACTICUMa hasi aurreko bileran: hor dago bloga martxan jartzearen zentzua. Urriaren seian esan genuen bezala, besteen ekarpenak denontzat baliogarriak izan beharko lukete, irakurri eta hausnartu ondoren hurrengo egunean ikastetxera hurbiltzerakoan bakoitzaren begirada zabaltzen laguntzeko balio duten horietakoak.
Hemendik aurrera zentratu hor zuen ahaleginak. Eta gogoratu partekatzeko foro honetara gai bakoitzeko gutxienez behin hurbildu beharko zinateketela. Denak.
Besteen ekarpenen inguruko hausnarketa osatzearen alde, irakurgai bat proposatzen dizuet. Zuek zuen burua "irakasle" jardunean kokatuta "Saquen el libro de texto" testua jorratu,  bakoitzak dokumentuaren ideia, paragrafo edo esaldi bat aukeratu eta bertan azpimarratzeko aurkitutako hori komentatu ikaskideekin; adibide batekin ilustratzen saiatu. Azken aurreko foroa honen inguruan garatuko da.

Zure aurretik ikaskide batek zuk azaltzeko zenuen ideia argitaratu badu, komentario bat egin diezaiokezu,  baina bigarren bat eraman beharko duzu forora  lanketa ahalik eta zabalena izan dadin. Ez errepikatu ideia edo paragrafo bera.

Aste honetako etiketa: IRAKASLEGAIA eta, beti bezala, ez ahaztu, zuen IZEN ABIZENA

Ondo izan


 

2015(e)ko urriaren 20(a), asteartea

Ingurune fisiko, sozio-ekonomiko eta linguistikoa


BEHATU eta AZTERTU:

  • . Ikastetxearen antolakuntza, instalazioak eta zerbitzuak alde batetik. 
  • . Inguru sozio-kulturala eta linguistikoa bestetik.
Arrazoitu antolakuntzaren nondik norakoak eta ikastetxeak duen erantzuteko beharra, egokitasuna, lanketa, baliabideak eta abar. 

Oso inportantea, zuen proposamen “berriak”, alternatibak, beste modu batera funtzionatzeko ekarpenak, … azaldu eta argudiatzea.

Bigarren asteko gai honen etiketa INGURUNEA da.

Beraz, kasu honetan sarrera bakoitzean INGURUNEA eta norberaren IZEN-ABIZENA jarri behar dela gogoratu.